XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Izorra hadi, alu hori esango zuen Jokinek.

- Etor hadi berriro hire harrokeriekin! Bakarnek.

- Zerri halakoa! Gaizkak.

Eta horrela denak, builaka eta marruka.

Garrasi egiten ez zutenak liburuekin mahai gainean joka ari ziren, edo oinetakoekin zoruan joka; batzuk mahai gainetan saltoka ere bai, mahai batetik bestera Tarzanena eginez.

Zoramena zen hura, bizitzan ondoen pasatu dudan unea beharbada.

Bat-batean, ordea, isildu egin zen istilua, akabo iskanbila: atean Patxi Zuri agertu zen, Txintxetarekin batera.

- Zer erokeria da hau?

- Denak erotuta zaudete ala zer? hasi zen Patxi gogor, eta egundoko erretolika bota zigun atzetik.

Hura ez zen besteetako Patxi Zuri gozoa.

Goxotasun gutxi haren hitzetan.

Haren ahots ozenak durundio egiten zuen gelan, isil-isilik gelditu baikinen denok.

- Inork ez al du ezer esan behar? bota zigun bukatzeko, eta erantzunik ez zegoenez berak segitu zuen.

- Larraitz Martinez eta Martin Errazkin, etorri nirekin zuzendaritzara.